Joan den astean nolako irakaskuntza espero dugun genuen mintzagai txoko honetan. Tartean, irakasleei buruzko norabide desberdineko bi albiste heldu zaizkigu. Norabide desberdinekoak izan arren, biek omen dute azpian helburu bera: hezkuntz-sistemara balizko irakaslerik onenak erakartzea.
Madrileko Erkidego Autonomoko presidentearen proposamena, bata. Bere iritziz, edozein lizentziatu izan liteke haur eta lehen hezkuntzan irakasle. Alegia, ez litzateke magisteritza-gradurik beharko maila horretan aritzeko. (El Paisen berria)
Hezkuntza Ministerioa –orain, Kultura eta Kirola ere baditu bere esparruan– du jatorri bigarrenak. Maisu-maistren oposaketarako zirriborro bat ari da lantzen; horren arabera, atzerriko hizkuntzaren ezagutza (ahozkoa eta idatzia) eta gaitasun digitala ere aztertu egingo dira (Deian berria) –egia esan, zirriborro horretan ageri denak ez du zehaztasun handirik–.
Finlandia aipatzen da sarri eredu gisa hezkuntza kontuetan. Esate baterako, Mikel Garcia Idiakezek Jendartean blogean idatzi zuenari erreparatzen badiogu –Xavier Melgarejori eginiko elkarrizketa bat oinarri hartu zuen– irakaslegaien hautaketan eta hasierako prestakuntzan pisu itzela dute; prestigioa ere, handia.
Azken finean, gizartea (edota gizartea osatzen duten pertsonen aniztasunak) eta beronen kultura. Izan ere, joan den astean adierazitakoaren antzera, ikas-irakaskuntza nola ulertzen dugun, zer uste dugun horri buruz dugu oinarri-oinarrian. Eta honek guztiak irakasleez esan eta egiten duguna baldintzatzen dute. Burura datorkit, adibidez, XIX. mendeko esaera: “pasar más hambre que un maestro de escuela”. Argigarria, ezta?